domingo, 3 de diciembre de 2017

Euskaraz bizi nahi dut

Gaur, abenduak 3, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzen dugu. Hori dela eta, ospakizunaren helburuak azalduko dizkizugu.
Euskararen Nazioarteko Eguna abenduaren 3an izaten da, Frantzisko Xabier egunean. Frantzisko 1552ko abenduaren 3an hil zen, eta, kondairak dioenez, hil aurreko azken hitzak bere ama-hizkuntzan izan ziren, hau da, euskaraz.
1949an Eusko Ikaskuntzak ezarri zuen egun hau euskararen nazioarteko egun gisara. 1995ean Eusko Jaurlaritzak eta Euskaltzaindiak bat eginik, Euskararen Nazioarteko Eguna instituzionalizatu zuten.
Lehenengo edizioa
Euskararen Nazioarteko Egunaren lehenengo edizioaren dokumentu batekin topo egin dugu Sarean.Euskararen Egunak hainbat izen izan dituela? Lehendabiziko edizioan “Eskuararen Eguna” erabili zen eta ondorengo urteetan “Euzkararen eguna” edo “Euzkara Eguna” bezala ikusi izan dugu. Egun Euskararen Eguna edo Euskararen Nazioarteko Eguna erabiltzen dira.
Euskal Herrian ez ezik, munduko beste hainbat txokotan ere ospatzen dela Euskararen Nazioarteko Eguna. Jakin badakigu Mexikon, Bartzelonan, Washingtonen, Buenos Airesen eta Parisen ere euskara goraipatzen dela abenduaren 3an.
Euskal Herrian euskaraz

Euskararen erabilera eta euskara bera sustatzeko asmoz, hainbat elkarte, erakunde publiko eta herritarrek milaka ekitaldi antolatu dituzte (mahai-inguruak, erakusketak, tailerrak, azokak, mota desberdinetako ikuskizunak, aurkezpenak…) egun seinalatu horretan, Euskal Herriko bazter guztietan, euskara bultzatu eta omentzeko.
Baina, Euskararen Egunaren aldeko lehen aldarrikapenak antzinakoak dira: Errepublika garaian Eusko Ikaskuntzak, Euskaltzaleak Bazkunak bitarte, antolatutako antzerti eta olerti zein bertsolari egunak… Aipatzekoak dira, halaber, Espainiako Gerra Zibilaren ondorioz Iparraldera alde egindako euskaltzaleek zein bertokoek Euskaltzaleen Biltzarraren babespean egindako lanak. Sasoi horretakoa (1949) da, hain justu, Eusko Ikaskuntzak sortutako Lehenengo Euskararen Eguna.
Horren haritik, 2010ean, Legebiltzarrean, honako adierazpen instituzionala onartu zuten: “Euskara euskal gizartearen ondarea da, haren historiaren eta kulturaren osagarri ezinbestekoa. Baina, munduko gainerako hizkuntza guztiak bezala, eleaniztasuna ezaugarritzat duen gizadi osoaren ondare ere bada. Hizkuntzen dibertsitatea babestu nahi bada, beharrezkoa da euskara zaindu eta sustatzea”. 
 “Euskarak garapen historia luzea du. Hizkuntzaren aurre-historiaz, aldiz, ezer gutxi dakigu segurtasunez. Baina euskara, batez ere, hizkuntza modernoa dugu, gaurkoa eta gaurkotua, gure egungo gizarteak erabiltzen jarraitu nahi duena eta, gizartearen alor guztietan, gero eta aitortza handiagoa jasotzen ari dena. Euskararen aldeko oinarrizko adostasunetik, 1982ko Normalizazio Legean islatutakotik, itun berri bateranzko orainaldiko saioetara denbora tarte bat dago, ez oso handia, baina euskararen ezagutza eta erabileran aurrerapauso sendo eta ikusgarriak eman dira urteotan”. Aurrerago, honela zioen: “Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzean euskararen orainari eta etorkizunari leiho zabal bat irekitzen diegu, eleaniztasunak gure bizikidetzan eta gizarte-kohesioan izan dezakeen eragin onuragarriaz konbentziturik”.
Durangaldean
Euskal Herriko herri gehienetan bezala, Durangaldeko hainbat herritan ere ospatuko dute Euskararen Nazioarteko Eguna. Durangon gainera, ‘11 egun euskaraz’ ekimena aurkeztu dute. ‘11 egun euskaraz’ ekimena 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra egingo den arren, eragileek herri batzordea sortu nahi dute urtearen hasieran.  
Halaber, Durangoko Udalak honako adierazpena aho batez onartu du: "Euskara urtean egun batez dugu ospakizunerako gai, eta 365 egunez langai. Elkarlanerako gai. Adostasunerako gai. Eta ospakizun eguna baliatu nahi dugu, hain zuzen, ilusioaren hauspoa haize berriz betetzeko. Indar berriez sendotzeko denon eginahala. Hori behar baitu euskarak, hori behar baitugu euskara guztion ezpainetan, kaleetan, etxeetan, ziberespazioan, lantokietan, pantailetan, paperetan nahi dugunok: ilusioa. Eta elkarlana. Auzolana".
Ospa dezagun elkarregaz denei opa diegun euskara!

No hay comentarios:

Publicar un comentario