jueves, 7 de diciembre de 2017

Salmantón-Unzueta

Merkatu plazako beheko aldea Bizkaiko saskigile nabarmenetako biak omentzeko gune bilakatuko da. Jose Ramon Salmanton eta Juan Unzueta artisauez ari gara. Duela gutxi hil dira biak eta gogora ekarri nahi ditugu beraien eskuekin landu eta egindako objektuen bitartez.

José Ramón Salmantón. Sodupe 1959
Salmanton ume-umetatik egon zen saskigintzari lotuta, izan ere, familiako jarduera zen hura. Beraz, ezin daiteke esan noiz hasi zen ogibide horretan. Bere ibilbidean, objektu asko egin ditu, esaterako, otzarak, kutxak, paperontziak edo erlojuak.
Hasieran, pieza tradizional samarrak egiten zituen, baina denboraz, merkatuaren exijentzia berrietara egokitu zen .
Horrela bada, hobetzeko irrikak bultzatuta, maisulan bilakatu zituen paperontziak, aterki-ontziak, ogi-otarreak, jostotzarak, bionboak edo baserriko aulkiak. Bizitzan egindako ibilbideagatik, Bizitza osoa Artetsu saria jaso zuen 2015ean.

Juan Unzueta. Garai. Garai 1924
Juan Unzuetak, Juanito etxekoentzat, ere antzera ikasi zuen artisautza lanbidea, aitarengandik, hain zuzen ere. Bada, ikasitakoa zortzi seme-alabei transmititu zien aitak. Tailerra Durangon ipini zuten eta familiako kide guztiak, ama ere bai, saskigintzan aritzen ziren, egunero 100 saski egiten baitzituzten Ezkerraldeko meategietara bidaltzeko. Unzueta familiak kate-lana egiten zuen, alegia, egurra atera, arrabota pasatu, kalibratu, meategirako saskiak egin… Gerra Zibilaren ondorioz, Unzueta familiak jarduera aldatu behar izan zuen, baina aurrera egin zuten.
Juan gizon ekintzailea zen, eta gauza berriak egiten hasi behar zuela pentsatu zuen; horrela, meategietarako saskitzarrak, apurka-apurka, egiteari utzi, eta bestelako pieza landuak eta akabera hobeak zituztenak egiten hasi zen. Horixe izan da bere ezaugarri nagusia: ondo egindako lana, mimoz eta maitasunez.

No hay comentarios:

Publicar un comentario