miércoles, 6 de diciembre de 2017

Artisautzan buru belarri

         Euskal Dendak ateak zabaldu ditu dagoeneko. Gaur goizean izan da eta bertan Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura eta Euskara diputatua, Lorea Bilbao, Durangoko hainbat zinegotzi eta Iurretako alkatea izan dira. Haiekin batera Gerediagako juntakideak eta zenbait eragile ekonomiko eta sozial, besteak beste.
     Gaurko irekiera hunkigarria izan da, izan ere, Kultura eta Euskara diputatuak, Lorea Bilbaok,  artisautzaren balioa azpimarratu du, eta,  era berean, euskaldun guztion balioa dela esan du.  Halaber, aintzat hartu du artisauek egindako lana eta urteroko alhalegina Euskal Dendan egoteko.
       Aurreko urteetako ildoari jarraituz, Euskal Dendak Euskal Herriko lurralde guztietako ordezkariak izango ditu. Nahiz eta azoka esparruak muga fisikoak dituen, aurten artisau gehiago izango ditugu, guztira 54, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi eta Nafarroatik etorritakoak; iaz baino bi gehiago. Bestalde, bertan izango diren firma askok lehen aldiz parte hartuko dute, 20 profesional batuko dira aurtengora; beraz, hori ere bada berrikuntza. Alegia, artisauetatik % 37k estreinakoz parte hartuko dute azoka honetan, kutxu freskoa eta eraldatzailea emanez.
       Lurraldekako parte hartzea dela eta, Bizkaiak izango du ordezkari gehien, hogeita sei artisau. Gipuzkoatik hamahiru etorriko dira eta Nafarroatik zortzi. Arabarrak sei izango dira, iazko kopurua, eta lapurtar bakarra.
      Sektorekako sailkapena egiten badugu, aurten, metalgintza, zeramika eta ehungintza dira ordezkari gehien dituztenak, 10, 8 eta 7 tailer, hurrenez hurren. Halaber, aipatzekoa da nekazaritzako elikagaien sektorea, bere lekua egin baitu Euskal Dendan: zazpi aditu ekarriko ditugu.


  

No hay comentarios:

Publicar un comentario