Arbaso, Euskal Herriko Artisautza Tradizionala bizkortzeko
elkarteak, Euskal Denda abiatuko du beste behin ere. Urtean
antolatzen duen ekitaldi handienak 22 urteko ibilbidea egin du eten
barik Durangon; eta hemen da, ostera ere. Bizkaiko Uria euskal
artisautzaren erreferente eta epizentro bilakatuko da hain
esanguratsua den abenduko zubian; bestalde, erakustoki garrantzitsua
ere bada. Durangoko merkatu plaza izango du kokagune, beste behin
ere, Euskal Dendak, Euskal Herrian egiten den artisau azoketatik
nagusienak. Edizio honek inoiz baino berrikuntza gehiago dakar, eta
horrez gain, omenaldia egingo zaie bizitza artisautzari eman dioten
aitzindariei.
Aurreko urteetako ildoari jarraituz, Euskal Dendak Euskal Herriko
lurralde guztietako ordezkariak izango ditu. Nahiz eta azoka
esparruak muga fisikoak dituen, artisau gehiago izango ditugu,
guztira 54, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi eta Nafarroatik
etorritakoak; iaz baino bi gehiago. Bestalde, bertan izango diren
firma askok lehen aldiz parte hartuko dute, 20 profesional batuko
dira aurtengora; beraz, hori ere bada berrikuntza. Alegia,
artisauetatik % 37k estreinakoz parte hartuko dute azoka honetan,
kutxu freskoa eta eraldatzailea emanez.
Lurraldekako parte hartzea dela eta, Bizkaiak izango du ordezkari
gehien, hogeita sei artisau. Gipuzkoatik hamahiru etorriko dira eta
Nafarroatik zortzi. Arabarrak sei izango dira, iazko kopurua, eta
lapurtar bakarra.
Sektorekako sailkapena egiten badugu, aurten, metalgintza, zeramika
eta ehungintza dira ordezkari gehien dituztenak, 10, 8 eta 7 tailer,
hurrenez hurren. Halaber, aipatzekoa da nekazaritzako elikagaien
sektorea, bere lekua egin baitu Euskal Dendan: zazpi aditu ekarriko
ditugu.
Bizitza ehunduz
“Bizitza ehunduz” izango da sentimenduz eta emozioz betetako
edizioa honetako leloa. Aurtengo Euskal Dendan, Arbasok maitasun
handiz gogoratu nahi ditu Juan Unzueta eta Jose Ramon Salmanton. Biak
hil dira duela gutxi eta itzelezko hutsunea utzi dute Arbason; izan
ere, elkarteak beti aitortu du haien lanaren balioa eta meritua,
haien ardura eta dedikazioa. Bizitzaz osoa eman dute biek
saskigintzari lotuta.
Aurten, beraz, biak izango ditugu gure artean, euren lanak jarriko
baititugu erakusgai Merkatu Plazaren beheko aldean. Halaber,
karteleko protagonismoa gaztainondo ehundurak hartu du, eta arestian
esan dugun legez, edizio honetarako aukeratu dugun leloak ere gure
kide maiteek egindako bidea gogorazten digu, biak izan baitira
Bizkaiko saskigintzako adierazle argiak.
Ezin da ahaztu Euskal Dendak bere ateak zabalik
izango dituen bost egunetan, zuzenekoa erakustaldi asko egingo
direla; helburua baita bisitariak artisautza lanarekin jabetu
daitezen. Izan ere, Euskal Dendak beti hartzen ditu aintzakotzat
bisitariak, artisautza tradizionalean murgiltzeko asmoarekin.
Aurtengo 22. edizioan, bada, are gehiago. Asmoa baita ekoizleak
bertatik bertara ezagutzeaz gain, antzinako lanbideak ezagutaraztea
eta horietan sakontzea. Horregatik bada, bertan, zuzeneko
erakustaldiak egingo dituzte. Beharbada, tailerrak eta erakustaldiak
dira azoka hau Euskal Herrian egiten direnetatik berezia egiten
dutenak. Beraz, aurten ere, bisitaria ikuslea izateaz gain, pieza bat
sortzeko prozesuan parte hartu ahalko du.
Halaber,
Euskal Dendaren bost egunetan, “artisau despistatua” lehiaketan
parte hartu ahalko dute bisitariek, beraiek izango baitira
protagonista eta hautatuko baitute zein izan den erakustoki onena.
Bisitarien artean erosketa-baleak zozkatuko dira.
No hay comentarios:
Publicar un comentario